Misioa urriaren 3an, 4an eta 5ean egin zen Aberdeenen, Eskoziako haize-energia flotatzailearen egoera ezagutzeko eta euskal enpresek arlo horretan duten ahalmena aurkezteko.
Floating Offshore Wind 2023 azoka hasi aurretik, Basque Trade & Investment-ek aurkezpen- eta networking-saio bat antolatu zuen, Eskozian jarduten duten enpresa eta erakundeen eta Floating Wind Basque Country-ko kideen parte-hartzearekin. Saio hau Aberdeengo Arte Galerian egin zen urriaren 3ko arratsaldean.
Bertan parte hartu zuten Scottish Development Internationaleko (SDI) Offshore eolikako espezialistak, Phil Stirlingek; OEUKeko enpresen eraldaketa eta hazkunderako zuzendariak, Neil Pickeringek; Mainstreamrpeko offshore garapen teknikoko zuzendariak, Carlotta Gradissimok, eta Flotation Energyko sistema flotatzaileen agintaritza teknikoak, Tim Hunterrek. Euskal ordezkaritzaren aldetik, BIMEP, Ditrel, Euskal Herriko Itsas Foroa, Kimua, Nautilus, Vicinay Marine, Saitec, Sener eta Nervion Naval-Offshore (Amper Taldea) bertaratu ziren, baita Energiaren Klusterra bera ere, zeinak euskal sektorearen gaitasunak aurkeztu zizkien hizlariei.
FOW23 azokari dagokionez, urriaren 4an eta 5ean, Euskadiko Energia Klusterrak stand bat jarri zuen “Floating Wind Basque Country” markarekin, Saitec eta Euskal Herriko Itsas Foroarekin batera. Vicinay enpresak bere stand propioa izan zuen, eta Sener eta Nervión Naval Offshore enpresak stand bateratu batean izan ziren, “HiveWind” plataforma flotatzailearen markarekin. Energiaren Klusterraren standean, Hazitek programaren FLOAT&M proiektuen aurrerapenak erakutsi ziren, parke eoliko flotatzaileetarako Eragiketa eta Mantentze teknologiak; eta Elkartek programaren KONFLOT, energia berriztagarri flotatzaileak kontrolatzeko baterako diseinurako metodologiak.